lunes, 7 de noviembre de 2011

Hezkuntza finlandiarra, zergatik da eredugarri?

Munduko hainbat herrialdetan haurrak eskolatzea edo alfabetatzea oraindik ere guztiz lortu gabeko helburua da. Beste leku askotan, ordea, haur guztiak daude alfabetatuta eta eskolara joaten dira, oinarrizko eskubide hori bermatua dago. Horien kasuan, hezkuntza sistema hobetzea da erronka, bai baliabideak eta azpiegiturak, bai alderdi pedagogikoa, langileen eta ikasleen egoera, parte-hartzea eta abar.

Zentzu horretan, hezkuntza sistemen osasuna zein den jakiteko hainbat neurketa egiten dira. Horietako bat da PISA (Programme for International Student Assessment). Hiru urteka egiten da azterketa hori. Lehendabizikoa 2000. urtean egin zen eta 43 herrialdetako egoera aztertu zen. Bigarrena 2003an burutu zen 41 herrialdetan eta orain hirugarrena egiten ari dira 58 herrialdetan, 2006n bukatuko dena, hain zuzen. Irakurmena, matematika eta zientzietako gaitasuna neurtzen ditu PISAk.

Orain arte egindako emaitzak ikusita, Finlandiako eskola sistemak lortu ditu emaitzarik onenak. 2003an 2000. urtean baino emaitza hobeak lortu zituzten 15 urteko gazte finlandiarrek matematika eta zientzien atalean. Irakurmenari dagokionez, Finlandiak lehen postuari eusten dio. “Bizitzarako garrrantzitsuak diren ezagutza eta gaitasunei lotutako konpetentzia klabeetan” ikasle finlandiarrek lortu dituzte emaitzarik onenak. Eta ez hori bakarrik; beste herrialdeekin konparatuta, ikasleen artean ekitate gehien dagoen herrialdea da. Beste modu batera esanda, neska-mutilen, ikastetxeen eta eskualdeen artean dagoen aldea txikiagoa da Finlandian beste lekuetan baino.

Ondorengo bideo hau, albistegi bat da eta bertan Espainian, Fuengirolan hain zuzen ere, dagoen eskola finlandiar bakarra erakusten digu:




Ima Larrazabal sanduzelai ikastetxe publikoko irakasleari elkarrizketa bat egin zioten Finlandiako ereduaren inguruan, bertara bidai bat egin ondoren:

"Hemen gertatzen den ez bezala, Finlandian herri osoaren konpromisoa da hezkuntza sistema"


IRUÑEA.Hik-hasi aldizkariak hainbat bidaia pedagogiko antolatzen ditu beste hezkuntza sistemak behatzeko asmoz. Iaz Italiako Regio Emiliara Sanduzelai ikastetxeko hiru lagun joan ziren gisara, aurten Inma Larrazabal Haur Hezkuntzako irakaslea Finlandiara joan da.

Nortzuk joan zarete Finlandiara?

Euskal Herriko irakasle eta hezkuntzaren arlo ezberdinetan aritzen diren beste lagun batzuk eta ni neu. Osotara, 50 lagun inguruk parte hartu genuen, maila eta arlo guztietakoak. Dena den, esan behar da deialdiak interes handia sortu zuela eta parte hartu nahi zuten guztiek ezin izan zirela joan, plaza kopuru mugatua eskaini zutelako.

Zergatik Finlandiara?

Herrialde horrek duen hezkuntza sistema oso interesgarria delako. Europako sistemen artean, babestuena, orekatuena eta, noski, arrakastatsuena izanik, oso onuragarria da guretzat hango hezkuntza antolamendua, filosofia eta prak-tika aztertzea. Adibidez, PISA txostenaren arabera, 15 urteko gazteei egindako probetan, Finlandiak lortu zituen emaitzarik hoberenak arlo guztietan. Gainera, irakurle onak dira, munduan gehien irakurtzen duten ikasleak, hain zuzen. Emaitza horien barruan lortu duten oreka azpimarratzeakoa da, ikasle guzti-guztiek oinarrizko ezagupenak eta baliabideak lortzen baitituzte. Beraz, sistematik kanpo ez da inor gelditzen.

Nolakoa da herrialdea?

Finlandia oso ongi antolatua dago. Oro har, atseginak, lasaiak eta oso praktikoak dira finlandiarrak. Gobernuak eta Administrazioek herritarrentzat lan egiten dute, eta herritarren bizitza hobetzen ahalegintzen dira. Oso herri zibilizatua da. Kalitatezko hezkuntza oinarrizko gauza dela pertsonak hezitzeko eta garatzeko barneratua duten ideia da. Alde batetik, irakasleek baliabideak, formazioa eta ratioa egokiak dituzte; bestetik, Udalen partaidetza, zerbitzu guztiak doan izatea, eta hezkuntzarako duten aurrekontua nabarmenztekoak dira. Horren ondorioz, adostasun orokor batera iritsi dira eta hezkuntza sistema sendo bat eraiki dute. Nolabait esateko, hezkuntza sistema blindatua dago. Horregatik, hauteskundeetan Gobernua aldatu arren, hezkuntza sisteman ez da ezer aldatzen. Guztien errespetua lortu du sistemak, eta horretaz oso harro daude.

Nola funtzaionatuko luke euren sistema hemen?

Zaila da oso jakitea, baldintzak ezberdinak dira eta. Izan ere, hemen ez dago interesik, borondaterik ezta konpromisorik hezkuntza proiektu kalitatezkoa denentzat izan dadin. Horretaz gain, hango Gobernua eta Administrazioaren izaerak eta lanak ez dute zerikusirik hemengoekin.

Bukatzeko, zer azpimarratuko zenuke?

Finlandian, pertsonentzat, herritarrentzat, gobernatzen dutela. Beraz, gizartearen inplikazioa, balioespena eta errespetu osoa lortu dute eta, horren ondorioz, herri osoaren konpromisoa da hezkuntza.

"Administrazioak herritarrentzat, pertsonentzat, egiten du lan Finlandian"




Inma Larrazabal irakaslea.argazkia: sanduzelai ikastetxe publikoa

Iturria:http://www2.noticiasdenavarra.com/ediciones/2008/01/18/sociedad/nafarroa/d18naf16.1129099.php#

No hay comentarios:

Publicar un comentario